Nafarroako Elizak jarrera aldatu du eta orain sexu abusuak ikertzeko batzordean parte hartuko du

Haritz Pascual Garjon 2024ko api. 12a, 08:18

Florencio Roselló artzapezpiku berriak hartu du erabakia hainbat biktimekin elkartu eta gero. Nafarroako Gobernuak espero du keinuaz harago elizaren baitan gertatutakoak argitzen laguntzea.

Duela bi urte osatu zen Elizaren sexu abusuak argitzeko batzordea, Eduardo Santos justizia kontseilari zelarik eta orduz geroztik Elizaren parte hartzerako gordeta ziren bi postuak bete gabe ziren. Iruñeko artzapezpikutzan aldaketa gertatu da urtarrilean eta hori ere nafar Elizaren jarreran somatu da.

Artzapezpiku berriak, Florencio Rosellok iragarri du batzordean parte hartuko duela, hainbat biktimekin elkartu eta gero hartutako erabakia. Horrela azaldu zion foru exekutiboari. Rosellok aire berriak eraman nahi ditu nafar Elizara, Francisco aita sainduaren ildoko eliz gizona omen, langile soziala lanbidez eta hainbat espetxetan lanean aritutakoa da. Ikusi beharko da keinua horretan geratzen den edo Elizaren parte hartzea ikerketa batzordean, nafar Elizaren esku zeuden adin txikikoen kontrako erasoak argitara ateratzeko eta bere arduradunak salatzeko balio duen. Orain arte 15 kasu jaso ditu batzordeak eta haietako 10eri dagoeneko onartu diote biktima izaera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!