Nafarroako 2023ko errenta kanpaina apirilaren 9tik ekainaren 27ra egingo da

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 5a, 12:37

Ogasunak 374.000 aitorpen aurreikusi ditu eta 215.606 errenta proposamen egin ditu. Lehenengo itzultzeak automatikoki eginen dira apirilaren 17an. Automatikoki, telematikoki, telefonoz eta presentzialki egin ahal izango da aitorpena.

Gaur aurkeztu dituzte 2023ko errenta kanpainaren xehetasunak Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Oscar Martinez de Bujanda Foru Ogasuneko zuzendariak. 374.000 aitorpen aurreikusten dira, 215.606 Ogasunaren proposamenak dira eta horietatik %57 errenta itzultzea dira. Proposamena zuzena izanez gero, automatikoki apirilaren 17an, epea amaitzean, ordainketa egingo da. Orotara kanpainan jasoko den saldoa 42,9 milioi eurokoa izatea aurreikusi dute.

Ogasunak zuzenean proposatutako aitorpenez gain, telefonoz, telematikoki eta aurrez aurre presentzialki egin ahalko da aurtengo aitorpena. Data gakoei dagokienez, apirilaren 9an abiatuko da kanpaina eta hurrengo egunetan, telefonoz zein presentzialki egiteko hitzordua hartzeko epea zabalduko da. Apirilaren 10an telefonoko zita eskatzeko eta 12an bulegoetan. 15ean, astelehenarekin, Errenta telefono bidez eta bulegoetan hasiko da, eta ekainaren 27ra arte egongo da zabalik.

Martinez de Bujandak aitortu duenez, “ziurgabetasunak, inflazioak eta ezegonkortasun geopolitikoak” markatu dute 2023ko zerga ekitaldia. Baina, hala ere, Nafarroako ekonomiaren garapena “positiboa” izan dela ondorioztatu du.

Testuinguru horretan, hainbat berrikuntza fiskal iragarri dituzte: tarifaren deflatazioa %4an; gutxieneko norberaren eta familiarengatiko kenkaria %3 handitu; 14.500 eurora igo lan-errentak aitortzeko betebeharra(aurreko kanpainako 12.600 euroen aldean); eta azkenik, babestutako etxebizitzen birgaitzeagatiko kenkariaren ezarpena.

Foru Ogasunak 215.606 proposamen egin ditu guztira, eta horietatik %57 itzuliko dira eta beste %43a ordaindu beharrekoak edo zerokoak izango dira. Ordainketak eta itzultzeak aintzat hartuz, guztira 26,7 milioi eurokoa izango da proposatutako errenta aitorpenen saldoa. Proposamena zuzena izanez gero, ez da onartu behar eta epe bukaeran, apirilaren 17an, automatikoki egingo da itzulpena.

Martinez de Bujandak gogorarazi du, halaber, Ondasuna aitortzeko kanpaina ere, epe berdinean gauzatuko dela eta internetez egingo da. Tramiteen epeak zabaldu ahala, informazio guztia argitaratuko du Nafarroako Gobernuak renta.navarra.es atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!