Apirilaren 27an, larunbata, Almadiaren Egunaren 31. edizioa ospatuko dute Burgin. Ezka ibaiak Burgi zeharkatzen duen tartean jaitsiko dira almadiak eta eguerdiko 12:30ak aldera jaitsiko dute herriko presa eta ibaiertzean latsariek harrera egingo diete.
Enborren jaitsiera amaituta, ospakizun egunak herriko bazterretan jarraituko du. Egun osoan zehar antolatutako jardueren artean, omenaldiek ere tartea izango dute, Urrezko Almadiak bi omendu izango ditu aurten. Orhipean lanbide festa antolatzen duen elkarteak eta Xabier Agote Pasaiako Albaola zentroan San Juan baleontzia berreraikitzearen bultzatzaileak jasoko dute garaikurra.
Burgitik, Pasaiara, eta Ternuaraino
Xabier Agotek, historiara pasatuko den lan baten aitorpen gisa jasoko du 2024ko Urrezko Almadia. Euskal baleontzi bat berreraikitzeko ametsa jarraitu du gizonak eta Zaraitzu Ibarreko izei handiek Pasaiatik Ternuaraino nabigatuko duen itsasontzi baten belei eutsiko diete.
Bigarren protagonista bat izanen du Urrezko Almadiak: Orhipean Bizibide eta Usadioak elkartea. Otsagabiko eta Zaraitzuko boluntarioek egindako lanaren aintzatespen gisa. ‘Orhipean lanbideen jaia antolatzen du elkarteak 2003az geroztik. 1900. Urtean bezalaxe, Pirinioetako landa-bizitza birsortu eta irudikatzen dute.
Eta beste gorazarre baterako tartea izanen da aurten. Iaz, UNESCOk ‘La Maderada - transporte río de la madera’ eta kanpaien eskuzko ukitua Gizateriaren Ondare Kultural Ez-material izendatu zituen. Hartara, Nafarroako Ezkilazainen Elkarteko talde batek Burgiko kanpaiak joko ditu aurten.
Publiko zabalari zuzendutako egitaraua
Txikientzako jolas txokoa, azoka, bisitak, musika eta jatekorik ez da faltako Almadiaren Egunean. Almadiaren Museoa zabalik egongo da egunean zehar eta Burgi, lanbideen herriaren pasealekuaren bisita antolatu dute. Erdi Aroko Azoka eta elikagaien postuak egongo dira herriko plazan eta errepide nagusian.
13:30ean egingo da Urrezko Almadia emateko ekitaldia eta jarraian, herri bazkaria antolatu dute pilotalekuan. Arratsaldean musikak girotuko du plaza nagusia Burgiko gazteriak antolatutako kontzertuekin. 18:30ean Los Tenampas taldearen txanda izango da eta ondoren, iluntzeko 21:00etan DJ Saxix eta Puyix, eta gauean, DJ Sixto izango da musika jartzearen arduraduna.
Almadiaren Krosa
Apirilaren 14an, igandea, Almadiaren Eguna baino bi aste lehenago, giroa berotzen hasiko dira herrian Almadiaren Krosaren zortzigarren edizioarekin. Edonork eman dezake izena eta bi ibilbide egonen dira, bata 5,2 kilometrokoa eta bestea, luzeagoa, 10,3 kilometrokoa. Almadiaren Egunean Ezka ibai jaisten duten almadietako batean joateko aukera izanen dute parte hartzaileek. Izan ere, horixe da saria eta lasterketan parte hartzen duten pertsona guztien artean zozkatuko da.