UPNren zuzendaritzarako zerrenda bateratua adostu dute Cristina Ibarrolak eta Alejandro Toquerok

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko mar. 20a, 07:27

JAvier Esparza eta Cristina Ibarro,a artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Hautagaitza horrek garaipena ziurtaturik edukiko luke UPNren apirileko kongresuan  

UPNren zuzendaritzarako zerrenda bateratua adostu dute Cristina Ibarrolak eta Alejandro Toquerok. Hala argitaratu du gaur Diario de Noticias egunkarian etxe honetako kolaboratzaile Ibai Fernandezek.

Akordio horren arabera, alderdiaren presidentetza Iruñeko alkate ohiarentzat izanen litzateke, eta presidenteordetza Tuterako alkatearentzat. Tafallako alkate ohi Cristina Sotak jasoko luke idazkaritza nagusia.

Hasiera batean, bazirudien akordio honen truke Alejandro Toquerok ziurtaturik edukiko zuela hiru urte barruko foru hauteskundeetan zerrendaburu erregionalista izatea. Haatik, alderdiaren estatutuen arabera, zerrenda batzordeak eta kongresutik aterako den Kontseilu Politikoak hautatu behar dute hautagaia, eta hartara oraindik ezin da deus ziurtatu.

Halaber, argitzeke dago nor izanen litzateke Nafarroako Parlamentuko eleduna, Ibarrola eta Toquero ez baitira foru parlamentari. Bozeramailetzak Javier Esparzaren esku segi lezake, eta, hartara, alderdiak hiru buru izanen lituzke.

Ibarrolak eta Toquerok akordio honen bitartez ziurtaturik edukiko lukete garaipena apirileko alderdiaren kongresuan. Baina oraindik ikusteko dago beste inork zerrendarik aurkezten duenetz.

Egungo zuzendaritzak proposatu du hautagaitza bakar bat aurkezten bada Kongresuan afiliatuek ez bozkatu behar izatea. Alberto Catalan diputatu erregionalista eta Patxi Perez egungo antolakuntza idazkaria aukera horren aurka azaldu dira, militante erregionalisten erabakimena murriztuko lukeelakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!