Martxoaren 7ko irudiak aztertu ostean identifikatu dituzte deitutako zazpi lagunak eta gaur deklaratzera pasa beharko dira abokatuen laguntzarekin. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta litekeena da Foruzaingoak jende gehiago atxilotzea. Egun hartan, nekazari talde bat eraikinean indarrez sartzen saiatu zen, eta tentsio handia izan zen haien eta sartzea eragotzi zieten foruzainen artean. Gertakarien egunean, nekazariek elkarretaratzea egin zuten parlamentuaren aurrean, eta aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran sartzen saiatu. Ez zen argi geratu zer asmo zuten. Goizeko saioa amaituta, nekazariak korrika ibili ziren parlamentutik autoan atera ziren legebiltzarkideen atzetik, irainka.
Akusatu bakoitzak abokatu batekin agertu beharko du polizia etxean gaur bertan. Lehenik eta behin, deklaratu eginen dute, eta jarraian atxikiko dituzte. Denek parte hartu zuten duela hamar eguneko erasoan, baina ez dizkiete kargu berak egozten: batzuei erakunde batean indarrez sartzea leporatzen diete, eta beste batzuei, berriz, autoritatearen aurkako atentatua egitea.