Bardeako tiro poligonoa deuseztatzeko eskaerari eutsi dio ohar batean Poligonoaren Kontrako Asanbleak: "Aste osoan praktika militarrak eginen dituzte zenbait herrialdetik etorritako hegazkinen bitartez gerra guneetara joan aurretik prest izateko", salatu dute. Benetako munizioa eta bonbak jaurtiko dituzte gaur hasi eta ostirala arte aurreikusiak dituzten praktika horietan. "Tiro pologonoak desegina behar zukeen aspaldi. Natur Parkearen erdian eta Biosferako Erreserba den parajean egiten ari direna erabateko suntsiketa da", ohartarazi dute. Kezkatuta agertu da Asanblea Bardea inguruko herrietan bizi diren pertsonekin: "Segurtasuna bermatua ote dagoen ere ez dakigu", jaso dute idazkian.