Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Mahastiak, olibondoak, fruta-arbolak edo fruitu lehorrak dira gehien hazi direnak, baina baita landatutako lurrena, zerealena, barazkiena edo lekaleena. Abeltzaintzari dagokionez ahuntzak dira gehien hazi direnak. Bi gaztandegi gehiagok ekoizten du modu ekologikoan. Guztira 76 dira abeltzainak sektore honetan.Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak agerraldian eman ditu datu horiek gaur. 2024rako erronken artean jarri dute ENAC izeneko ziurtagiria eskuratzea, produktu eta zerbitzuen kontrola adierazten duena da. Horrez gain, ekoizpen-ekologikoari iraunkortasun-eredu gisa balioa ematea eta 2030erako lurren %25 ekologikoa izatea lortzeko helburuari eustea. "Abeltzainak eta nekazariak behar dira erronka horiek erdiesteko eta errelebo falta sumatzen ari gara", adierazi du NNPEK-ko Kattalin Barber komunikazio arduradunak.
Nafarroako Azoka Ekologikoa, Ekomerkatua, sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte urtero. Aurten, erakusketa ibiltari bat ere badute: Egin zaitez eko. Ekoplanak izeneko proposamena ere bai: 17 ibilbide Nafarroa osoan ekoizleak bisitatzeko, naturarekin hartu emana izateko eta elikagai ekologikoekin lan egiten duten jatetxeak proposatzeko.