Euskal Herriko hiri buruzagia hautatu du beste behin ere EH Bilduk Aberri Eguna ospatzeko. “Komunitate politiko sendoa osatzen dugu, eta Iruñea ilusio eta grin horrekin beteko dugu, martxoaren 31an” adierazi du Oihana Etxebarrietak, “Berdinen eta pertsona askeen euskal errepublika eraikitzeko energia guztia biltzeko eta askatzeko momentua izango da Aberri Eguna”.
Euskal Herriak dituen eskubide nazionalak aldarrikatzeko eguna izanen dela adierazi dute indar subiranistako kideek, are gehiago bizi dugun egoeraren aurrean. “Aurreko astean ezagutu genuen herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera behartu duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Atarrabiako Udala. Ez da gauza berria. Historikoki egoera zailak gainditu ditu Euskal Herriak. Baina, herri gisa, gure herria, kultura eta hizkuntza bizirik mantentzeko gai izan gara. Eta etorkizunean ere gai izango gara” esan du Pernando Barrenak, “Euskal Herria da gure proiektu politikoaren ardatza, eta hori ezingo dute ezabatu. Espainiako Estatuko epaitegiek esan dezakete Euskal Herria ez dela zazpi herrialdez osatutako herria. Espainiako eta Frantziako Estatuek ukatu ahal digute gure izaera nazionala eta gurea herri bat dela. Baina ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazioa garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula…”.
Egitarau zabala
Martxoaren 31rako egun osoko egitaraua prestatu du EH Bilduk Iruñean. Eguerdiko 12etan manifestazioa irtengo da Golem zinemetatik Antoniutti parkeraino. Hortik trikitilari eta buruhaundi kalejirak hedatuko dira Alde Zaharrean. Arratsaldeko 16.00ean haurrendako jolasak eta pailazoak izanen dira Burgoen plazan. Toki berean, baina ilunabarrean, Perlata, Xiberoots eta Trikidantzen kontzertuek itxiko dute 2024ko Aberri Eguna.