2004ko martxoaren 13an, Valeriano Peña Espainiako polizia nazionalak eta bere semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okina tiroz hil zuten, Martin Azpilkueta karrikako haren okindegian, M11ko atentatuen egiletza ETAri egozten zion afixa jartzeari uko egiteagatik.
Atzo onarturiko testuaren arabera, “gertakari lazgarriotatik hogei urte bete diren honetan, Berruetaren senideei oraindik ez zaie aitortu indarkeriaren biktima guztiei dagokien egia, justizia eta erreparazio eskubidea”.
Adierazpenak zehazten du hilketa gauzatu zutela “M11ko Madrilgo atentatuen inguruan PPk berariaz elikaturiko krispazio politikoaren testuinguan”.
Halaber, gogora ekartzen du bere garaian Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak motibazio politikoa larrigarritzat onartu zuela bere ebazpenean.