Osasuna

Espero zitekeena

Euskalerria Irratia 2024ko mar. 11a, 07:20

Jon Moncayola, larunbateko norgehiagokan baloi bat kontrolatzen. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bi eta huts galdu zuen Gironaren aurka, larunbat arratsaldean Montilivi futbol zelaian jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik, gorritxoak hamargarrenak dira sailkapenean, 36 punturekin, eta Europan jokatzeko aukera eman lezakeen zazpigarren postutik seira.

Futbolean, hainbatetan, logikaren aurkako emaitzak suertatzen dira, eta ustez ahulagoa denak itxura batean indartsuagoa denari irabazten dio. Horrexetan datza kirol honen xarma.

Beste hainbatetan, ordea, logika gailentzen da. Eta larunbat arratsaldean, Montilivin, horixe gertatu zen, espero zitekeena: Bigarren sailkatuak erraz garaitu zuen hamargarrena. Gainera, hasi bezain pronto markagailuan aurretik jarrita, Portuk 13. minutuan egin baitzuen bat eta hutsekoa.

Halere, Osasuna saiatu zen. Haatik, zailtasun handiak eduki zituen gol aukerak sortzeko. Hainbat baloi bidali zituen areara, baina norgehiagoka osoan behin besterik ez zuen atera jaurti.

Erremate horren egile Jon Moncayola onenetakoa izan zen zen elastiko gorriarekin, azken jardunaldietan ohiko bihurtzen ari denez. Herrandok ere txukun jardun zuen. Eta Sergio Herrerak, beste behin ere, erakustaldia egin zuen atepean. Edonola ere, Gironaren baloi eta jokalari mugikortasun ederra gailendu zen.

Osasunak larunbatean arratsaldeko lauak eta laurdenetatik aurrera jokatuko du Ligako hurrengo partidua, Real Madrilen aurka, Korrikak Iruñerria zeharkatzen duen bitartean. EA logika ez den gailentzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!