Urtebete joan da Mugimendu Feminista hasi zenetik zaintzaren afera lantzen, hausnartzen. Inflexio puntua izan zen azaroaren 30eko greba feminista. Lortu denaren artean "gaia erdigunera bideratzea" izan dela nabarmendu du Euskalerria Irratian Irati Majueko, Mugimendu Feministako kideak. Zaintza jarriko dute gaur ere indargune nagusi, baina ez dituzte ahaztuko Palestinako emakumeak ez eta indarkeria matxista sufritzen ari direnak ere. Mugimendu Feministak Iruñean arratsalderako egin du deia: 19:00etan aterako da manifestazioa Antoniuttitik.
Aldarrikapen ugari, kalean
Itaiak bere aldetik arratsaldeko bostetan eginen du aldarrikapena Errekoletak plazatik. Emakume langileok borrokan, sozialismoa eraiki goiburuarekin.
Nafarroako Gobernuak elkarretaratzea eginen du Gobernuaren egoitzaren parean 11:30etan, bertan izanen da lehendakaria, Maria Txibite. Hamabietan, Iruñeko Udala aterako da atarira, udaletxeko plazara elkarretaratzean.
Sindikatuek ere eginen dituzte eurenak. LAB Gobernuaren egoitzatik Sarasate pasealekura eginen du manifestazioa goizeko hamaiketan. Zaintza lanak aitortu eta banatu goiburuarekin. ELA sindikatuak Gasteizen eginen du ekitaldi nagusia. Etxeko langileen egoera jarriko du ikusmiran sindikatuak Etxea lantokia denean; Convenio para todas. Ekiparazioa goiburuarekin. UGT eta Comisiones Obreras elkarrekin aterako dira, benetako berdintasuna emakume eta gizonen artean lemarekin. Bi sindikatuen egoitzaren parean izanen dira.