Martxoak 8

Sara San Julian: "Feminismo gehiagorekin biziko gara hobeki emakumeok"

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 7a, 11:22

Feminismo gehiagorekin aurrerantz segitzen dugu, hainbeste lortuta hainbeste lortzeke leloa erabiliko du Nafarroako Berdintasun Institutuak martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Eguna. Berdintasunerako Gobernantza Zuzendariorde Sara San Julianek uste du lortutakoa asko den arren oraindik egiteko aunitz dagoela, adibidez, "matxismoa berari aurre egitea, diskurtso antifeministak edota gizon eta emakumeen arteko arrakalak eremu askotan". Euskalerria Irratian mintzatu da San Julian.

Feminismo gehiagorekin aurrerantz segitzen dugu, hainbeste lortuta hainbeste lortzeke goiburua erabiliko du Nafarroako Berdintasun Institutuak martxoaren 8ko aldarrikapenak egiteko. "Feminismoari esker emakumeok hobeto bizi izan gara, bizi gara eta horri esker etorkizunean ere hobeki izanen garela uste dut", adierazi du Sara San Julianek, Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Gobernantza zuzendariordeak. "Asko dago egiteko oraindik: diskurtso antifeministei aurre egin behar zaie, gizonen eta emakumeen arteko arrakalak eremu gehiegitan daude edota matxismoarekin berarekin amaitu beharra dago", gaineratu du.

"Zaintza lanak ez daude ziurtatuak alor publikotik eta emakumeak hartu du zama hori beregain urte luzez", hausnartu du. Familiartean geratu izan da askotan ardura hori. Gizonek oraindik ere ez dute espazio hori betetzen eta horregatik beharrezkoak dira arrakala hori zuzenduko duten politikak egitea berdintasunerako gobernantza zuzendariaren ustez. Berdintasuna eraikitzen ari garela dio Nafarroako Berdintasun Institutuak: "Erakundeek lan egiten dute berdintasun horren bila", adierazi du San Julianek. Tresna ugari dituzte bide hori egiten segitzeko: berdintasun teknikariak, legeak, kanpainak… bi alor nabarmendu ditu San Julianek: "Feminismoak kalean egiten duen lana dago batetik, oso garrantzitsua dena eta erakundeetatik egiten dena, bestetik". Sara San Juliani Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!