Martxoak 8

Martxoaren 8an "esplotazioan" oinarritutako zaintza iraultzeko eskatuko du Mugimendu Feministak

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 5a, 07:17

Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburu guztietan eginen ditu protestak ostiralean. Egungo zaintza sistema erabat eraldatzeko eskaerak eramanen dituzte erdigunera "ospatzeko" ezer ez dagoelakoan eta bai "eskatzeko". Azaroaren 30ean egindako greba feministaren bidetik Aski da, gure bizitzekin negoziorik ez lemarekin aterako dira kalera martxoaren 8an ere. Prekarietatea eta etengabeko zapalkuntza agerian uzteko eguna izanen dela adierazi dute. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak iragarri du hiriburu, herri eta auzoetan mobilizazioak antolatu dituztela Martxoaren 8rako. Aski da, gure bizitzekin negoziorik ez lemarekin aterako dira kalera ostiralean. Ezer ospatzetik urruti, borrokan eta salaketan segitzeko asmoarekin eginen dute, aurretik azaroaren 30eko greba feministaren ildo beretik. "Prekarietatea eta etengabeko zapalkuntza agerian uzteko eguna izanen da martxoaren 8a, baina hori, sistema oso baten izebergaren punta baino ez dela jakinda", azaldu du Elene Lopetegi mugimenduko kideak. Zaintza lanen berrantolaketa ezinbestekoa dela uste dute: "Esplotazioan oinarritzen den eredua irauli egin behar da".

Eraldaketa baina, ezin da edonolakoa izan: "Zaintza lanek oinarri publikoa izan behar dute eta atzerritartasun legearen deuseztearekin etorri behar du, ezinbestean", nabarmendu du Lopetegik. Izan ere, zaintza lanetan aritzen diren emakume asko etorkinak dira eta zailtasunak baino ez dizkie ezartzen lege horrek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren arabera. 

Palestinako emakumeei, keinu

Aurten bereziki Palestinako emakumeei begira jarri dira. "Yallah Palestina. Bizitzen ari diren muturreko egoeran, elkartasuna helarazi nahi diegu", jakinarazi dute. Era berean, "indarkeria matxistak eraildako eta modu batez edo bestez ondorioak pairatzen dituzten emakume guztiei ere" adierazi diete babesa.

Mobilizazioak eginen dituzte ostiralean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herri osoko hiriburuetan. Iruñekoa, arratsaldeko zazpietan aterako da Antoniutti parketik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!