Euskal Hedabideen Behategiak Euskalerria Irratian aurkeztuko du 2023-2024 denboraldiko Euskal Hedabideen Urtekaria. Bihar eginen dute aurkezpena, 9:30etik 10:00etara, eta irrati zein bideo streaming bidez zabalduko dute, FMko 98.3an eta euskalerriairratia.eus webgunean, Metropoli Forala saioaren barruan.
Urtekariaren aurkezpenean Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak eta Behategiaren urtekariaren editore Libe Hernandok eta Ibai Castrok parte hartuko dute. Euskalerria Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak gidatuko du solasaldia.
Urtekariaren eduki nagusietako bat hain zuzen ere Iruñeko irratiari buruzko erreportaje zabal bat da. Erreportajeak irratiaren historia laburbiltzen du, eta irratia egiten ari den jauzi digitalari erreparatzen dio: ezarri berri duen kamera digital adimentsu sistema, abian jarri dituen bideopodcastak, mobile journalism edo kale kazetaritzan egin dituen lehen urratsak.