Nafarroako Gobernuak abenduan onarturiko merituen dekretuaren proiektuak euskara eremu mistoko Osasuneko lanpostu guztietan baloratzea aurreikusten du. Nafarroako Kontseiluak proiektua aztertu du, eta horri buruzko irizpenean dio hori “legearen aurkakoa” dela, Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez. Irizpena, ordea, oraindik ez dute igo kontseiluaren webgunera.
Nafarroako Kontseilua erakunde aholku-emailea da. Haren irizpenak ez dira lotesleak. Ikusi beharko da Foru Gobernuak zer egiten duen irizpen honen aitzinean, aintzat hartuz PSNk eta Geroa Baik lau urte behar izan dituztela dekretu proiektuan ados jartzeko.
Irizpenean, Kontseiluak gogora ekarri du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak dagoeneko legez kanpokotzat jo duela euskara meritu bezala baloratua izatea Euskararen Legearen araberako eremu mistoko lanpostu guztietan. Eta irizpide moduan ezarri duela “balorazio indibidualizatua egitea, arrazoizkoa, proportzionala eta egokia lanpostuaren ezaugarrien arabera, egin beharreko lanen arabera, eta artatu beharreko errealitate soziolinguistikoaren arabera”.
Nafarroako Kontseiluaren aburuz, hala eginen ez balitz “funtzio publikoan berdintasun aukeretan sartzeko eskubidea urratuko litzateke”.
Hau da, beste behin ere zeure hizkuntzan artatua izateko eskubidearen gainetik paratu dute funtzionario izateko ustezko eskubidea.