Osasuna

Goltzarra eta puntutxoa

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ots. 26a, 07:23

Unai Garcia golegilea, atzoko norgehiagokako jokaldi batean. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bana berdindu zuen Las Palmasen aurka, atzo Insular futbol zelaian jokatutako norgehiagokan. Berdinketa horren ondotik, gorritxoak hamaikagarrenak dira sailkapenean, 33 punturekin. Europa zazpi puntura daukate; eta jaitsiera, hamabostera.

Goltzarra eta puntutxoa. Horixe izan zen Osasunaren uzta, partida txukun eta entretenigarri batean. Lehen hamar minutuak Las Palmasenak izan ziren. Hortik aurrera, ordea, Gazteluko plazako taldeak bost gizoneko defentsa hobeki koordinatu zuen, bizkarra horren erraz har ez ziezaioten. Eta Areso zein Mojica hegaletatik barneraldi ikusgarriak egiten hasi ziren.

Tamalez, hiruko euskarriak ez zuen horren ongi funtzionatu, jokoa sortzeari dagokionez. Eta Raul Garcia de Harok mesede bainoago traba egin zion Budimirri erasoko jokaldietan.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Unai Garciak gol gogoangarria sartu zuen, bolea eder baten bitartez, Mojicaren erdiraketa txukun bat baliatuz. Handik bost minutura, alta, Herrandoren alderaketa indarge baten ondotik, Kirianek berdinketa erdietsi zuen.

Ordutik aurrera, norgehiagoka parekatuan, Osasunak gol aukera argiagoak izan zituen Las Palmasek baino. Halere, ezin esan berdinketa bidegabea izan zenik.

Bestalde, Aresoren arazo fisikoek debutaren ateak ireki zizkioten Argibideri, harrobiko hemezortzi urteko eskuin hegaleko defentsari.

Arrasate pozik azaldu zen lorturiko puntuarekin, eta Las Palmasen futbol kontrolari aurre egitea zaila izan zela aitortu zuen.

Hurrengo partidua astelehenean, gaueko bederatzietan jokatuko du Osasunak, Sadarren. Euskal derbi izanen da, Alavesen aurkakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!