Budimir eta hamar gehiago. Aurrelari kroaziarra jokalari gorritxorik hoberena izan zen larunbatean, denboraldi osoan bezala. Osasunaren eta Cadizen arteko norgehiagoka parekatu bezain trabatua izan baitzen, Budimirrek 63. minutuan gola sartu zuen arte.
Aresoren baloi berreskurapena, Ruben Garciaren erdiraketa ona eta kroaziarraren burukada gurutzatu bikaina, Fali gainean izanagatik ere.
Arrasatek 59. minutuan zelairaturiko Aresok eta Pablo Ibañezek beste abiada bat eman zioten gorritxoen joko ordura arte geldoari. Herrandok norgehiagoka txukuna egin zuen. Hortik aurrera, beste deus gutxi dago nabarmentzeko Gazteluko plazako taldeari dagokionez. Cadizek, berriz, argi utzi zuen zergatik dagoen jaitsiera postuetan: atzean indarge, erasoan kamuts.
91. minutuan Budimirrek bigarrena sartu zuen, Aresok gidaturiko kontraeraso bikain batean. Aurrelari kroaziarrak hamahiru gol daramatza, denboraldia amaitzeko hamahiru jardunaldi falta direlarik. Marka guztiak hauts ditzake: Rosadoren 14koa, Sabinoren 15ekoa, Bergararen 20koa.
Jokalariek atzo eta gaur entrenamendurik ez. Bihar itzuliko dira Taxoareko lan saioetara, hamar eta erdietan. Hurrengo partidua igandean jokatuko dute, arratsaldeko sei eta erdietan, Las Palmasen kontra, Insular futbol zelaian. Behin salbazioa birtualki lorturik, gora begiratzen hasteko abagune egokia izan daiteke.