Patronalaren “inpunitatea” salatu dute sindikatuek, Olaztiko heriotzaren karietara

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ots. 16a, 07:34

LAB, CGT/LKN, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea eginen dute gaur Altsasun, 32 urteko langile baten heriotza eragin duen Cementos Portland lantegiko istripua salatzeko.

Ion Ruiz Imaz 32 urteko altsasuarra zendu zen atzo, Cementos Portland enpresak Olaztin duen lantegian izandako lan istripuan. Hipotesi nagusiaren arabera , tobera bat buxatu zen, langileak buxadura askatu zuelarik ikatza eta lurra gainera etorri zitzaizkion eta horrek eragin zion heriotza.

SOS Nafarroak 13:47an jaso zuen ezbeharraz ohartarazteko deia.  Anbulantzia, suhiltzaileak eta foruzainak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten deus egin langilearen bizitza salbatzeko. Gorpuari autopsia eginen diote, heriotzaren arrazoiak argitzeko eta Foruzaingoak bere bizkar hartu du istripuaren ikerketa.

Ion Ruiz Imaz Urtea hasi zenetik Hego Euskal Herrian lan istripuan hiltzen den 15. behargina da. Azken hiru hilabeteotan hiru altsasuar hil dira lan istripuan.

LAB, CGT/LKN, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea eginen dute gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan, lan istripua salatzeko, “Patromalak eta erakundeek gaixotu eta hil egiten gaituzte” goiburuarekin.

ELA, UGT eta CCOO sindikatuek ere prentsa oharrak karrikaratu dituzte, istripua salatzeko. ELAk patronalaren "inpunitatea" salatu du. UGTk azpimarratu du Nafarroa lan istripu gehien dituzten erkidegoen artean dagoela; eta CCOOk, urgentea dela Nafarroan eraikuntza sektoreko lan istripuen aurkako plangintza bat egitea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!