VW Nafarroak ibilgailu elektrikoei buruzko formakuntza eskainiko du ABEE egunetan

Bidane Beloki Ezker 2024ko ots. 15a, 11:55

UGT eta CCOO sindikatuek ostiralean sinatuko dute kontratuak aldi baterako erregulatzeko espedientearen proposamena, otsaila eta abenduaren 31 bitartean aplikatuko dena. Aldiz, ELA sindikatua ez dator bat erabakiarekin.

Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak aldi baterako erregulatzeko espedientea (ABEE) aplikatuko duen egunetan ibilgailu elektrikoari buruzko prestakuntza-ekintzak egitea onartu du; UGTk “oso positibotzat” jo du erabakia.

Volkswageneko UGT eta CCOO sindikatuek ostiral honetan sinatuko dute ABEE, otsaila eta abenduaren 31 bitartean aplikatzeko. Ingurumari horretan, hirugarren bilera izan dute gaurkoa eta bi sindikatuek igorritako oharrean azaldu bezala, enpresak onartu du bigarren seihilekoan ABEE ezarri bitartean 2026tik aurrera egingo diren ibilgailu elektrikoa egiteko prestakuntza eskaintzea.

Astelehenean jakinarazi zien zuzendaritza batzordeak UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT sindikatuetako ordezkariei ABEEren negoziazioa abiatuko zuela. Hornigai eskasia eta nekazarien protestek eragindako arazoak aipatu zituen arrazoi nagusi moduan. UGT eta CCOO sindikatuek, batzordean gehiengoa duten ordezkariek, zuzendaritzaren proposamena sinatuko dute bihar, ELA berriz, kontra agertu da.

Igor Peñalver ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, “sartu dituzte gauza asko ABEE horretan, ixteko aukera gehiegi ematen dizkio zuzendaritzari”. Bidenabar, aldaketa teknologikoari aurre egiteko eta langileak babesteko ABEE sare bat egitearen alde daudela adierazi du Peñalverrek; baina, ez daude ados “dena ABEE bakar batean sartzearekin”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!