Astroak alde izan zituen Osasunak larunbateko euskal derbian. Erran nahi baita, Realaren arazoak: Kopako finalerditik zetorren, Parisko Txapeldunen Ligako kanporaketarako bidean, sei bajarekin.
Abagunea ederki probestu zuen Gazteluko plazako taldeak hamabi urteren buruan txuri-urdinak Ligan garaitzeko, atzealdean lana beltz eginez eta erasoan edukitako gol abagune urrietako bat baliatuz.
Defentsan nabarmentzekoa Unai Garciak eta Herrandok, David Garciarekin batera, egindako norgehiagoka txukuna. Zelai erdian, Aimarren inteligentzia. Erasoan, beste behin ere, Budimirren eraginkortasuna. Lehen zati parekatu baten ondotik, bigarrena hasi bezain pronto, Moncayolak ateratako korner batean egin zuen gola kroaziarrak.
Dagoeneko hamaika gol daramatza, Liga amaitzeko 14 norgehiagoka falta diren honetan. Hortik aurrera, Reala nahi eta ezinean aritu zen. Datu adierazgarria: 90 minutuetan txuri-urdinek hiru jaurtiketa egin zituzten atera, besterik ez. Anoetan irabazi gabe 19 urte zeramatzaten gorritxoek. Cadiz izanen da Osasunaren hurrengo aurkaria. Larunbatean, arratsaldeko laurak eta laurdenetan, Sadarren.