Duela urtebete, muturreko Sindikatu Medikuak, esklusibotasunarekin amaitzea eskatzen zuen bitartean, LABek, Osasunbidean jarduten zuten hainbat profesionalek egiten zuten iruzurra salatu zuen. 11 kasu atzeman zituen LABek, esklusibotasuna kobratzen zuten zerbitzu publikoetako buru baina gero alor pribatuko kliniketan jarduten zuten medikuena. Haietako 7ren kasuan, administrazioaren utzikeria egon dela onartu du Funtzio Publikoko departamentuak eta beste lau kasuak oraindik ere ikertzeko bidean dira.
“Esklusibotasunaren osagarriaren inguruan agerian geratu da Osasunbidearen aldetik dagoen utzikeria” adierazi du LAB sindikatuko Nafarroako koordinatzaile Imanol Karrerak, “Ez dago inolako kontrolik eta hori baliatzen da osagarri hori kobratzeko eta horrekin batera eremu pribatuan aritzeko”. Osasunbideko egiturako hutsuneak ere agerian utzi ditu prozesu honek, esklusibotasuna kobratzen duten zerbitzu buru asko ez daudelako ofizialki izendatuta. “Badago Osasunbidearen aldetik asmo bat legea ez betetzeko, Osasunbideak ezarri duelako funtzionatzeko modu hau” azaldu du Karrerak, “Osasunbideak azaldu beharko luke zergatik egin duen hau. Oso larria da hau, ikuspegi politiko batetik uko egin zaiolako ongi kudeatzeari”.