“Bat-batean desagertu balitz bezala topatu genuen etxea” adierazi du Unai Oterminek Euskalerria Irratian, “Nire bikotea (atxilotutakoaren alaba) bere amaren etxera joan denean, janaria sukaldean eginda, mugikorra lurrean botata…topatu du”. Han eta hemen galdezka, 63 urteko emakumea Espainiako Poliziak atxilotu duela jakin eta Iruñera eraman dutela ezagutu dugu. “Iruñeko komisaldegian ez digute informaziorik eman nahi izan, atxilotutakoa inkomunikatuta zegoela eta harekin kontaktatzerik ez zegoela erantzunez”. Arratsaldean, 15 segunduko deia jaso dute alabek. “Ama zen, atxilotuta Madrilera bidean zihoala azaldu zien alabei” kontatu du Oterminek.
Informazio gutxi duten arren, Madrilera bidean jarri dira senitartekoak, gaur epaile aurretik pasako delaren esperantzarekin. Antza sare sozial batean emandako iritzi batekin terrorismoari gorazarre egtiea leporatzen diote emakumeari, Bitartean, Iturmendin, herri batzarra antolatu dute arratsaldean gertatutakoaren berri eman eta atxiloketa salatzeko.
“Sinesgaitza da sare sozialetan iritzia emateagatik, iraganeko garaietara eramaten gaituzten atxiloketak eta inkomunikazioak errepikatzea” salatu du Euskalerria Irratian Unai Oterminek, “Mendeku eta estutze politika pairatzen ari gara, babesgabe sentitzen gara”.