Pasa den ostiraleko entrenamendua bukatuta, aldagelan zeudelarik, leiho batetik grabaketak egiten ari zen gizonezko bat ikusi zuten. Haren atzetik atera ziren baina bere zai zegoen auto batean sartuta ihes egin zuen. “Ongi prestatutako erasoa izan da” azaldu du Euskalerria Irratian Malen Beraza Altsasuko futbol taldeko kapitainak, “Badakite ostiraletan emakumezkoak soilik gaudela zelaian, auto bat zeukaten prest, motorra piztuta, azkar ihes egiteko”.
“Urduri gaude, kezkatuta, ez dakigulako ezer ez. Ez dakigu lehen aldia ote zen edo gehiagotan grabatu gaituzten, ez dakigu ze helbururekin, zertarako, zertan erabiliko dituzten grabaketak” esan du Euskalerria Irratian kapitainak. Kezka gehigarria ere du taldeak, adin txikikoak. “Ez da berdina hau heldu bati edo adingabeko bati gertatzea, nerabezaroan burua duzun bezala duzu eta min handia egin dezake honek”. Eraso sexista argia dela salatu dute kirolariek.