Gaurtik aurrera kirol saio berria izanen du Euskalerria Irratiak: Kirolerria. Eñaut Agirrebengoak gidatuko du emanaldia. Agirrebengoak Osasunaren gizonezko taldearen partiduen kontakizuna egiten du Euskalerria Irratian, eta Berria egunkariko kirol kazetari ere bada, futbolean eta txirrindularitzan aditua.
Saioaren eduki nagusietako bat Osasunaren inguruko solasaldia izanen da. Horretan, Agirrebengoarekin batera, Iosu Ganuza eta Ane Martirena kazetariek hartuko dute parte. Tarte horretan, gizonezko zein emakumezko taldeen garapena izanen dute hizpide.
Nolanahi ere, Agirrebengoak iragarri du futbolak ez ezik beste kirol ugarik izanen dutela tarte zabala Kirolerrian. Adibidez, gaurko estreinaldian, elkarrizketa nagusia Anaitasuna esku baloi taldeko Ander Torriko jokalariari eginen dio. Asmoa da astelehenero oihartzun handiko zein urriko kirolariak elkarrizketatzea, arreta berezia eskainiz emakumezko kirolariei.