Osasuna

Bi minutuan, herrimina

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko ots. 5a, 07:17

Osasunak zero eta hiru galdu zuen Celtaren aurka, atzo arratsaldean jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik, gorritxoak hamabigarrenak dira sailkapenean, jaitsiera postuetatik bederatzi puntura.

Bi minutuan, Celtak Osasunaren atzealdearen ahuldadea krudelki utzi zuen agerian. 120 segundoan, talde galiziarrak bi gol erdietsi zituen, Catena eta David Garcia erdiko atzelarien sasoi kezkagarria lagun.

Itxaro Borda parafraseatuz, bi minutuan, herrimina. Zentzu literalean: bi golok min handia egin zioten osasunazaleek osatzen duten komunitateari, herriari. Eta figuratuan: osasunazaleok taldearen garai bateko defentsa sendoaren nostalgia sentitu zuen.

Aurretik, Ante Budimirrek gol egiteko abagune argia eduki zuen, baina ez zuen profitatu. Ondoren, Osasunak bigarren zati osoa aurkariaren zelaian jokatu zuen, baina txinpartarik gabe, kamuts. Partiduaren azken txanpan, Celtak hirugarrena egin zuen, atera egindako hirugarren jaurtiketan, kasik.

Defentsa sendo batekin eta erasoan apenas deus egin gabe eraman zituen Celtak hiru puntuak. Gakoa: atzo Sadarren ikusitakoa estropezua ala joera den.

Indar Gorri peñako kideak partidua hasi eta hamaika minutura sartu ziren harmailetara, haien hamaika kidek ebakuazio bideak estaltzeagatik jasotako zigorrak salatzeko.

Larunbatean, Osasunak euskal derbia jokatuko du Realaren kontra, Anoetan, 15:15ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!