Atxaga parafrasea lezake Osasunak: bi porrot jaso nituen oso denbora gutxian. Modu nahikoa antzekoan erori baita Barçaren aurka Superkopan eta Ligan: gutxigatik, defentsan lan eskerga egin eta gero. Gorka Urbizuk liokeen moduan: etsipen bat.
Harrobiko sei jokalarirekin, hiru erdiko atzelari nafarrekin, gorritxoek lehen zati txukuna egin zuten, Barçari baloia utzita, baina askorik sufritu gabe.
Bigarren zatian, ordea, lau minutu fatidiko pairatu zituen gazteluko plazako taldeak: 63.ean, Vitor Roquek gola sartu zuen; 67.ean, arbitroak Unai Garcia egotzi zuen, bigarren txartel horia erakutsita.
Kurioski, ordutik aurrera, hamar jokalarirekin, sortu zuen Osasunak, ausarki, gol aukera gehien. Baina Iñaki Peñak Moncayolaren jaurtiketa gelditu zuen eta Raul Garciaren errematea zutoinaren aurka joan zen.
Zale gorritxoari galdera bat geratu zitzaion buruan bueltaka: zer gertatuko zen baldin eta gorritxoak hasieratik aritu izan balira ausardia handiagoz inoiz baino pattalago dabilen Barça honen aurka?
Gorritxoek gaur hamaika eta erdietan hasiko dute entrenamendua Taxoaren. Igandean Celta izanen dute aurkari, arratsaldeko laurak eta laurdenetatik aurrera, Sadarren.