Joaldunak gaur iritsiko dira Iturenera

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 29a, 08:41

Joaldunak Iturenera bidean (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Inauteriak hasi dira Malerrekan eta Ituren eta Zubietako udalek autobus zerbitzua antolatu dute aurten astelehen eta astearterako.

Dagoeneko joareen doinuak entzuten dira Malerrekan, gaur egingo baitute joaldunek Zubieta eta Ituren arteko bidea. Urtarrileko azken igandearen ondorengo astelehen eta asteartean ospatzen dira inauteriak bi herrietan, eta hartara, gaur, joaldunek bi herrien arteko bidea egingo dute. Gaur Iturenera iritsiko dira, eta bihar, kontrako bidea egingo dute Zubietara, eguerdi aldean.

Bi herrien arteko basoa zeharkatzen dutenean sortzen duten zalapartak lurra neguko lozorro luzetik iratzarri nahi du, udaberria emankorra izan dadin. Hala ere, joaldunak ez ezik, askotariko pertsonaiek gorpuzten dituzte inauteri hauek: hartza, piztiak, ahariak...

Aurten, Ituren eta Zubietako udalek autobus zerbitzua antolatu dute inauterietan. Doneztebeko eskolan eta Elgorriagako bainuetxeko aparkalekuan prestatu dute autoak uzteko tokia. Astelehenean eta asteartean, autobusa izanen da bi herrietara joateko; 10:00etan hasiko da eta itzulerako ordua 16:00etan izango da. Erabiltzaileek aparkalekuetan eskuragarri izanen dituzte autobuseko txartelak, 2 euroren truke, eta bidaiari bakoitzeko bat hartu beharko dute; tiketak joan-etorrirako balio du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!