Bigarren zati ona egin zuen Osasunak, baina lehen zati txarra. Sevillan puntu bat lortzea ongi dago, baina hiru patrikaratzea eskura eduki zuen. Berdinketa gazi-geza erdietsi zuen Gazteluko plazako taldeak Sanchez Pizjuanen.
Ante Budimirren denboraldiko hamargarren gola eta Sergio Herreraren hamaikagarren geldiketa erabakigarriak izan ziren. Biok ala biok bigarren zatian iritsi ziren. Aurretik, lehen zati kaskarreko 25. minutuan, Isaac Romero sevillarren harrobiko jokalari gazteak alboko sake batean Catenari diru zorroa lapurtu zion Herrerarekin buruz-buru gelditu eta lehen gola egiteko.
Getaferen aurka bezala, Arrasatek bost gizoneko defentsa osatu zuen, eta zelai erdian Iker Muñoz eta Pablo Ibañez jarri zituen, Torro eta Moncayola aulkian utzita. Lehen zatian eskemak ez zuen funtzionatu, hein handi batean kemen faltagatik. Bigarrenean, aldiz, bai. Berriatuko entrenatzaileak argi du bidea bigarren zati horretakoa dela:
Osasunak Bartzelonaren aurka jokatuko du asteazkenean, arratsaldeko bederatzietan, Montjuicen, Superkoparen karietara atzeraturiko Ligako partida.