PSNren udal hautetsi gero eta gehiago azaltzen ari dira euskara sustatzearen aurka

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 25a, 07:48

PSNren udal hautagaitzen aurkezpena, 2023ko udal hauteskundeen karietara. (Argazkia: PSN)

Orkoiengo alkate sozialista Alejandro Lopezek euskalduna izatea pribilegio bat dela esan eta gero, PSNko hautetsiak euskara sustatzearen aurkako gero eta adierazpen gehiago egiten ari dira, hala Eguesibarren nola Tafallan. Ingurumari horretan, PSNren zuzendaritzak Orkoiengo alkatea babestu egin du.

Eguesibarren, gaztelaniazko jarduera gehiagoren eskean

PSNren Eguesibarko udal taldeko eledun Mikel Bezunarteak gazteentzat gaztelaniazko jarduera gehiago antola ditzan eskatu dio UPNren udal aginte taldeari.

Bezunartearen arabera, otsailetik apirilera euskarazko bederatzi jarduera programatu dituzte eta gaztelaniazko bakarra. “Euskarazko eskaintza ez zaigu handiegia iruditzen, baina gaztelaniazkoa murritzegia da”, azaldu du.

Tafallan, administrari laguntzaile bati C1a eskatzearen aurka

Tafallako Udaleko osteguneko osoko bilkuran plantilla organikoa bozkatuko dute, eta PSNk horren aurka eginen du, EH Bilduren udal aginte taldeak administrari laguntzaile plaza batean euskarazko C1 maila eskatuko duela eta.

PSNren eledun Esther Isoren arabera, Tafallan herritarren %8 soilik mintzatzen da euskaraz. “Euskara meritu moduan aintzat hartzearen alde gaude, baina baldintza moduan ezartzearen aurka”.

Zuzendaritza, Orkoiengo alkatearen alde

Ingurumari honetan, PSNk ohar bat plazaratu du eta udal hautetsion jarrerak norbanakoenak diren edo alderdiaren estrategia baten aitzinean gauden argitzeko tenorean lagungarria suerta daiteke.

Izan ere, ohar horretan, PSNk Orkoiengo alkate Alejandro Lopez babestu egiten du. Gogoratuko denez, Lopezek, herriko ludotekaren kontura, esan zuen haur euskaldunak euskarazko zein gaztelaniazko jardueretara joan daitekeenez, ez garela eskubidez ari baizik eta pribilegioz.

PSNren arabera, “haren adierazpenak testuingurutik kanpo atera dituzte haren aurkako eraso pertsonal interesatua gauzatzeko” eta “horrek ez du bizikidetza sustatzen”.

Alderdi sozialistak halaber nabarmendu duenez, “Orkoiengo errealitate soziolinguistikoan euskarazko zerbitzuen eskaera gaztelaniazkoena baino askoz txikiagoa da”.

Iruñean UPNren aurkako eta EH Bilduren aldeko zentsura mozioaren alde egin eta gero, PSN ez ote den ari bere zenbait boto emaileren aitzinean bere burua zentratu nahian. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!