Nafarroako atletek ez dute Espainiako armadak antolatutako lasterketan parte hartu nahi

Haritz Pascual Garjon 2024ko urt. 23a, 14:19

Aitzoaingo kuartelean irteera eta helmuga du armadak antolatutako lasteketak

Aitzoaingo kuartelak antolatutako lasterketa sartu du Nafar Federazioak egutegi ofizialean. 300 atleta baino gehiagok bat egin dute erabaki honen kontra. Maitane Melero, Atarratze Rota edota Xabier Zarranz bezalako maila altuko atletek sinatu dute manifestua.

Pasa den urtarrilaren 17an Nafarroako Atletismo Federazioak aurtengo trail egutegi ofiziala aurkeztu zuen. NavarCross Kopan puntuagarriak izanen diren 11 proben artean, San Cristobal Xtreme lasterketa dago. Proba hau Espainiako armadako Regimiento America 66-ek antolatzen du eta Aitzoaingo kuartelean bertan du irteera eta helmuga. Albisteak haserrea piztu du atleten artean eta lasterketa hau egutegitik kendu dadin eskatzeko manifestua sinatu dute 300 baino gehiagok. Tartean dira nazioarte mailan dabilen Maitane Melero edota Nafarroako lasterketetan lehen lerroan diren Atarratze Rota, Xabier Zarranz edota Imanol Kañamares ere.

“Lasterketa honen helburu nagusia da Espainiako indar armatuak zilegiztatzea eta Nafarroako federazioak ariketa horren lagun izan nahi du” azaldu du Euskalerria Irratian Imanol Kañamares atletak, “America 66 erregimentua bada Ezkaba militarki erabiltzen duen taldea eta Ezkaba hesitu nahi duena”. Zentzu horretan, Federazioaren papera salatu du Kañamaresek: “Gatazka belikoen garai honetan lotsagarria da Atletismo Federazioak horrelako entitate militarrekin harremanak egitea, onartezina iruditzen zaigu”. Euskalerria Irratian emandako azalpenetan, atletak azaldu du Federazioak ez duela atleteten aldarrikapena aditu nahi izan eta Federazioaren izen ona zikindu nahi izatea leporatu die. “Hemen Federazioaren izen ona baten batek kaltetu badu, lasterketa honekin kolaboratzea erabaki duena izan da” erantzun du Kañamaresek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!