Iruñeko zentsura mozioaren ondoren, Javier Esparzak iragarri zuen harreman oro moztuko zuela PSNrekin. Areago, zinegotzi erregionalistek Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa uztea eta elkarte propioa bat sortzea onartu zuen UPNren zuzendaritzak.
Ingurumari horretan, Javier Esparzak aurrekontuak PSNrekin negoziatzea debekatu die alkate erregionalistei, betiere PSNren eledun Ramon Alzorrizek atzo Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondotik salatu zuenez.
Alzorrizen arabera, UPNk alkatetza gutxiengoan eta PSNren sustenguarekin duen udalerrietan, aurrekontuak ez negoziatzeko agindu zehatza eman du Esparzak, eta negoziaziook martxan zeuden udalerrietan bertan behera utzi dituzte.
Negoziazioak martxan ziren, besteak beste, Eguesibarren, Barañainen eta Lizarran. Alzorrizen aburuz, Esparza UPNko presidente moduan dituen interesak herritarren interesen aurretik jartzen ari da.
Esparzak, berriz, dio PSNrekin ez dutela negoziatuko egunero gezurretan ari delako eta ez delako fidatzekoa.