Behingoagatik Osasunaren eta Getaferen arteko partidu bat gol festa izan zen. Behingoagatik, talde madrildarraren aurka zoria alde izan zuen talde nafarrak. Hamar urteren buruan, Bordalasen taldea galtzaile atera zen Sadarretik.
Jagoba Arrasatek sei aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan. Berrikuntza nagusia, aurrean Budimirrek eta Raul Garcia de Arok elkarrekin jokatu zutela, lehendabizikoz.
Gorritxoek lehen ordu erdi bikainean bi gol sartu zituzten, presioa goian eginez, abaguneak ederki probestuz, Raulen eta Iker Muñozen bitartez.
Bigarren zatian, ordea, deus gutxi eginda baina bere jokalarien kalitatea baliatuz, Getafek beste bi gol egin zituen, oso denbora gutxian.
Berdinketak gorritxoak urduritu zituen eta Sergio Herrerak geldiketa ikusgarri bat egin behar izan zuen. 80. minutuan, alta, lasaigarririk onena iritsi zen: Sadarren inoiz ikusi den golik ederrenetako bat. Jesus Aresok eskuin hegaleko kornerreko banderatxoaren ondotik erdietsirikoa.
Jokalariek gaur eta bihar jai izanen dute. Igandean, Sevillaren aurka jokatuko dute Sanchez Pizjuanen, arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera.