Solasaldi bat

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 19a, 07:08

  • Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoa Euskalerria Irratiaren eskutik aurkeztuko du gaur, Laba elkartean.
  • Aurkezpena irratiz eta bideo-streaming bidez zabalduko da.
  • Juan Kruz Lakastak gidatuko du solasaldia eta Urbizuk hiru kanta joko ditu, entxuferik gabe.

Igande gauerdian Hasiera bat diskoko hamar kantuak kolpe bakarrean eta aldez aurretik iragarpenik egin gabe plazaratu zuenetik, lore erauntsia jasotzen ari da Gorka Urbizu.

Berri Txarrak taldearen duela lau urteko agur handiaren ondotik, disko berriarekin soiltasunaren aldeko apustua egiten ari da Lekunberriko sortzailea. Diskoko hamar kantuak halakoak dira, soilak. Eta haien inguruko komunikazioa ere halakoxea izaten ari da: soila, txikia, apala.

Igandean kantuak sareratu eta gero Urbizuk hiru egun eman zituen isilik, adierazpenik egin gabe, kantuei protagonismoa uzteko, musikazaleek haien kasa entzun zitzatzen, sortzaileak baldintzatu gabe.

Filosofia horrekin bat eginez, gaur Iruñeko Laba elkartean eta Euskalerria Irratiaren eskutik eginen du diskoaren aurkezpena, Juan Kruz Lakastak gidaturiko solasaldian. Emanaldia FM 98.3an enzun ahal izanen da, eta euskalerriairratia.eus webgunean ikusi,  bideo-streaming bidez.

Sarrerak 17:00etatik aurrera izanen dira salgai, Laba elkartean bertan, Iruñeko Gazteluko plazako 2 zenbakian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!