Yennenga da gaurko gizalaba. Burkina Fasoko (Afrika) printzesa bat izan zen, duela 900 urte baino gehiago bizi izan zena.
Nedega erregearen alaba maitatua zen, eta hark heziketa aproposa eman zion ehiztari eta borrokalari trebea izateko.
Izaera indartsu eta pentsamolde independenteko emakumea zen, 14 urte zituenetik batailetan aitarekin batera borrokatu zena. Xabalina, lantza eta arkua erabiltzen trebea zen, amazona bikaina, eta bere batailoiaren zuzendaria.
Oso borrokalari garrantzitsua bihurtu zen bere erresumarentzat; horregatik, ezkontzeko adinera iritsi zenean, aitak uko egin zion senar bat aukeratzeari edo ezkontzen uzteari. Haren alboan jarraitu behar zuen erresuma defenditzeko.
Erabaki hura ez zen Yennengaren gustukoa izan. Hori zela eta, bere tristura adierazteko aitari, gari-soroa landatu zuen, eta uzta hazi zenean, usteltzen utzi zuen. Orduan, aitari azaldu zion horrela sentitzen zela ezin ezkonduta.
Ez zuen ezertarako balio izan. Aitak kasurik ez zion egin, bereari eutsi zion, eta alabari “tontakeriak” uxatzeko burutik, giltzapetu egin zuen.
Neskak, etsita, ihes egitea erabaki zuen. Erregearen zaldizkoetako baten laguntza lortu zuen, eta ospa egin zuen, gizonez mozorrotuta eta zaldi baten gainean.
Ihesaldian tribu etsai batek eraso egin zien, eta lagundu zion aitaren soldadu hura hil egin zuten; beraz, Yennenga bakarrik geratu zen, eta horrela jarraitu zuen bidaia.
Iparralderantz abiatu zen. Ez zuen atzerantz begiratu, eta ez zen gelditu. Baina gau batean, leher egina zegoenez, atsedenalditxo bat behar zuela ohartu zen. Zaldiari utzi zion gidatzen, eta animaliak ibai bat zeharkatu eta baso batean sartu zuen.
Han, Riale izeneko elefante ehiztari bakarti batekin topo egin zuen. Berehala egin ziren adiskide.
Yennenga ehizan laguntzen hasi zitzaion, eta Riale poztu egin zen hain laguntza baliotsua izateagatik. Gogora dezagun Yennenga xabalina, lantza eta arku erabiltzen oso aditua eta aritua zela, eta ehizarako tresnarik onenak horiek zirela.
Handik denbora gutxira, bada, gertatu behar zuena gertatu zen; Rialek jakin zuen Yennenga ez zela mutikoa, eta Yennengak..., nola esan?, ba berriro izan zuen soro bat gariz beteta.
Ouedraogo izeneko seme bat izan zuten, "hazitarako" esan nahi duena, Yennenga basora eraman zuen zaldiaren omenez. Orain izen hori oso ohikoa da Burkina Fason.
Urteak igaro ondoren, haur hori hazi egin zen, eta 15 urte zituela aitona bisitatu zuen, Nadega erregea. Nadegak poz handia hartu zuen bilobaren berri izan zuenean, eta, batez ere, alaba bizirik zegoela jakin zuenean. Urteak eman zituen haren bila, baina aurkitu ez zuenez, itxaropena galdua zuen.
Beraz, pozik, oturuntza bat antolatu zuen, eta ordezkariak bidali zituen bere alaba maitea etxera itzul zedin eskatzera. Yennenga printzesa eta Raile Dagombako erresumara itzuli ziren, eta han erregeak besoak zabalik hartu zituen.
Handik aurrera, erregeak formaziorik onena ziurtatu zion bilobari; zalditeria, ganadua eta Mossi erresuma ezartzeko erabili ziren beste ondasun batzuk ere bai.
Gaur egun, mossiek Yennenga bere erresumaren amatzat hartzen dute, eta bere estatua asko aurki daitezke Uagadugun, Burkina Fasoko hiriburuan.
Horrez gain, urrezko zaldi baten estatua bat, Yennengaren Étalon izenekoa, Uagaduguko Zinema eta Telebistako Jaialdi Panafrikarreko lehen sari gisa ematen da; futbol talde nazionalak "Les Étalons" ("Hazitarako hazitakoak") izengoitia du, Yennengako zaldiari erreferentzia eginez; eta 2017az geroztik, Uagadugutik gertu Yennenga izeneko hiri berri baten proiektua martxan dago.
Ikusten denez, Yennengak merezi zuen aintzatespena lortu du.