Marie Curie, Bixenta Mogel, Virginia Wolf, Kattalin Agirre, Greta Thunberg… Antzinako emakumeak, egungo emakumeak. Emakume bitxiak, emakume paregabeak. Azken bi denboraldietan, astero historian ekarpena egin duen emakume bat ekarri du irratira Bakarne Atxukarro Estomba kazetari eta idazleak. Egindako lana uhinetan gal ez dadin, liburu batean bildu ditu 2018ko irailetik 2020ko itxialdia ezarri arte egindakoak.
Multimedia liburua da Gizalabak. QR kodeak ditu, testuak eta irratiko podcastak uztartuz. Amazon plataformaren bitartez, autoedizioan argitaratu du Gizalabak liburua. 15 euroan dago eskuragai, eta irabaziak irratira bideratuko ditu egileak.
Erronka “zoragarria”
Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialdek egindako Sarerik gabe (Denonartean, 2017) liburuan du sorrera Irrintzi Plaza saioko Atxukarroren atalak. Euskal Herriko eta kanpoko beste hainbat emakumeren biografiak bildu zituzten liburuan, elkarrizketen bidez. Ideia irratira ekartzeko aukera proposatu zioten 2018an Bakarne Atxukarrori Irrintzi Plazako esatari Lohizune Amatria eta Reyes Ilintxetak. Erronka “zoragarria” iruditu zitzaion eta baiezkoa erantzun zuen segituan. Geroztik, astero, gizalaba bat izaten du hizpide Euskalerria Irratian.