Arrasate, Riaden ere euskararen alde

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 12a, 08:08

Gaztelaniaz egindako galdera bati euskaraz erantzun dio Berriatuko entrenatzaileak, Superkopako finalerdiaren ondoko agerraldian.

Bartzelonaren aurka 0-2 galdu eta gero, Jagoba Arrasatek prentsaurrekoa egin zuen bart gauean Saudi Arabiako Riad hiriko Al Awwal futbol zelaian, Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Saudi Arabiako hainbat kazetariren aitzinean.

EITBko berri emaile Josu Ganuzak gaztelaniaz galdetu zion, eta Berriatuko entrenatzaileak euskaraz erantzun zion, GOL TV telebista kateko bideoan ikus daitekeen bezala: “Euskaraz erantzungo dizut, ez dudalako ulertzen horrenbeste kanpoko hedabide egonda, gaztelaniaz erantzun behar izatea zuri”. Ganuzak berak Arrasateri hainbat galdera euskaraz egin zizkion gero.

EUSKALERRIA IRRATIA Josu Ganuzarekin harremanetan jarri da. Kazetari iruindarrak azaldu duenez, EITB Riaden TV3 telebista publiko kataluniarrarekin elkarlanean ari zen. TV3eko lankideak jokalariak elkarrizketatzera joan ziren, eremu mistora. Bera prentsa aretoan geratu zen, Arrasateren agerraldiaren berri emateko. Eta hain zuzen ere TV3eko lankideek eskatuta egin zuen galdera gaztelaniaz. Nolanahi ere, Ganuzak Arrasateren euskararen aldeko keinua guztiz txalogarritzat jo du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!