Osasuna

Burua tente, baina etxera

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 12a, 07:30

Raul Garcia de Haro eta Aimar Oroz, norgehiagokaren amaieran. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bi eta huts galdu zuen atzo Riaden, Barcelonaren aurka, Espainiako Superkopako finalerdia. 

Azkenean, Saudi Arabiako agintariek, Espainiako Futbol Federazioak, Madril aldeko hedabideek nahi zutena bete zen Al Awwal futbol zelaian: Barcelona Osasunari gailendu zitzaion.

Berrikuntza ugaridun hasierako hamaikakoa osatu zuen Jagoba Arrasatek: bosteko defentsa, Iker Muñoz euskarri moduan, Arnaiz hasieratik. Taldeak oso partida txukuna egin zuen, hainbat aukera garbi sortuz, 59. minutuan, Lewandoskik talde kataluniarraren lehen gola erdietsi zuen arte.

Jokaldi polemikoa izan zen, Christensenek Arnaizi baloia kentzerakoan falta egin zuela salatu baitzuten gorritxoek. Falta zalantzazkoa izan liteke, baina argi dago epaileak irizpide ezberdina erabili zuela batzuen eta bestetzuen sarrerak epaitzeko tenorean.

Goletik aurrera, Barçak baloia bereganatu zuen, eta gorritxoek, aldiz, iparra galdu zuten. Luzapenean, Yamalek bigarren gola sareratu zuen.

Burua tente, Osasuna Euskal Herrira itzuliko da orain, asteazkenean, ilunabarreko bederatzietan, Kopako zortzirenetako euskal derbia jokatzeko Sadarren, Realaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!