Korrikak martxoaren 16an zeharkatuko du Iruñerria

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 11a, 12:00

23. Korrikaren ibilbideak 2.700 kilometro izango ditu eta hamaika egunez Euskal Herria zeharkatuko du. Nafarroara lehenengoz martxoaren 15ean helduko da eta Iruñerrira 16an. Azken egunean, Baionara iritsi aurretik, Lesakatik pasako da.

Bi hilabete eskas falta dira Euskal Herria lasterka zeharkatzeko 23. aldiz. Baigorritik sartuko da Korrika Nafarroan eta Elizondo izango da igaroko duen lehen herria, ibilbidearen bigarren egunean, martxoaren 15ean hain zuzen. Hurrengo egunean, 16an, hiri buruzagira iritsiko dira lasterkariak. 477. kilometroarekin bat Mendillorrin sartu eta arratsaldeko 16:00ak aldera Alde Zaharrera iritsiko da. 539. Kilometroarekin bat Etxabakoitz zeharkatuko du, arratsaldeko 19:25ak aldera, Iruñerrian bederatzi ordu eman ondoren, Garesera abiatuko da, egunari amaiera emateko.

Herriz herriko aurreikuspena eta ibilbidea argitaratu ditu gaur AEK-k eta sei egunetan igaroko da Korrika Nafarroako bazterretatik (martxoaren 15, 16, 17, 18, 19, eta 24an dira hitzorduak). Ekialdetik hasi eta ibilbidearen azken txanpan nafar iparraldetik, Lesakatik, igaroko da.

Noiz eta nondik pasako da Korrika? Korrikaren webgunean eta gaurkotutako aplikazioan kontsultatu daiteke ibilbidea eta ordutegia uneoro. Gainera, aplikazioa berritu dute eta prestakuntza gehiago eskainiko ditu aurten. Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak  eta irabazleak erakusten dira bertan. Lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruzko jakinarazpenak jasotzeko aukera ere eskainiko du.

Irunen hasiko da martxoaren 14an eta hamaika egun eta 2.700 kilometroren ondoren, martxoaren 24a izango da, Korrikaren azken eguna. 12:30 aldera iritsiko da Baionara eta mezua irakurri eta berehala, 13:30ean jaia egingo dute, harro herri!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!