Egun hauetan Iruñea jendez gainezka egon da. Erosketak, jarduerak, bazkariak, afariak…, eta, orain, beherapenak.
Gaztelu plaza elkartzeko gunea da, jakina, eta horko dendak eta tabernak pil-pilean egongo dira aste hauetan.
Plaza honetako izkina batean eraikin baten azpiko aldean dagoen eta bi kaletarako sarbidea duen pasabide bat dago, Jakobaren pasabidea, hain zuzen.
Eta izen hori nondik datorkio?
Esan beharra dago 1892an bazegoela pasabide bat zuen eraikin bat, eta udalak, egoera negargarri batean egoteagatik, botatzea erabaki zuena. Orduan, udalak enkantera atera zuen sortutako eremua, baldintza baten pean: esleipendunak pasabide bat prestatu behar zuen Zapataria kalearen eta Gazteluko plazaren artean.
Eta Jacoba San Miguel Murillok erosi zuen.
Agertu da izena, Jacoba. Nor zen gizalaba hura?
Lizoainen jaioa zen 1836.eko uztailaren 25ean. 21 urte zituela oso ezaguna zen Bernardo Matxiñena dendariarekin ezkondu zen, baina 47 urterekin alargun geratu zen.
Zer egin? Bada, senarrak zituen negozio guztiak hartu zituen, gobernatu, eta ondo bizitzea lortu zuen.
Lehen esan dugun bezala, 1892an udalak enkantera ateratako eremua erosi zuen, eta Florencio Antsoleaga udal arkitektoari eskatu zion etxebizitza berri bat eraikitzea.
Bi urte geroago egina zegoen. Goiko partean etxebizitza, kalera eramaten zuen soilairuan ‘Casa Machiñena’ arropa denda bat, eta horren azpian beheko kalerantz joaten zen pasabidea.
Denda horrek ospe handia lortu zuen segituan. Paristik zuzen-zuzenki ekarritako emakume arropa eskaintzen zuen, eta laster Iruñeko eta Nafarroako goi mailako boutique-a bihurtu zen.
Horren azpian zegoen pasabideari “Sarasate” esaten zioten, baina jendeak Jakobarena esaten hasi zen, eta horrekin geratu da gaur arte.
Dendak 40ko hamarkada arte abian iraun zuen, nahiz eta Jakoba ez egon. Bera 1923an zendu zen 87 urterekin.
Arrizabalaga alkandora dendak lekukoa hartu zion Jakobaren dendari, eta hura ere itxi zutenean, pasabidea oso egoera txarrean zegoen.
Narriadura hori gelditzeko Iruñeko Udalak izugarrizko berrikuntza egin zuen 2009an, eta, horri esker, posible dugu gaur egun hortik pasatzea.
Eta bukatzeko, bitxikeria bat: eraikina bizilagunena da, baina pasabidearen eskailerak eta zorua, udalarena, duela ehun urte baino gehiagotik.