Lehen itzulia amaitu den honetan, 22 puntu, zortzi talde azpitik eta zazpi puntuko aldea jaitsierarekiko. Bigarren itzulian errepikatuko balira, salbazioa ziurtatuko luketen zenbakiak. Horixe da atzoko norgehiagokatik Osasunarentzat atera daitekeen onena.
Hori eta lehen zati txukun bat. Catenak eta David Garciak behingoz bikote ona osatu zuten defentsaren muinean. Euskarri bikoitzean, Iker Muñozek eta Jon Monkaiolak sormena eta sendotasuna eman zioten taldeari. Hainbat gol abagune argi sortu zituzten. Eta 27. minutuan, Budimirrek denboraldiko bere bederatzigarren gola sartu zuen, hain justu Catenaren baloi berreskurapen baten ondotik.
Haatik, bigarren zatia negargarria izan zen. Almeria indarge baten aitzinean uzkur aritu zen Osasuna: baloi galerak, joko trabatua, gol aukera argirik ez. Beti bezala berandu samar egindako aldaketek ez zuten jokoa hobetu.
Orain, Ligaren bigarren itzuliari ez ezik, Kopari eta Superkopari ere erreparatu beharko diete gorritxoek: Iiandean, Castellonen aurka, Kopako kanporeta baitute; ostegunean, Bartzelonaren kontra, Superkopako finalerdia baitute, Saudi Arabian.