Miren Zabaleta: “Iruñeko akordioak etorkizunerako bide bat zabaldu du Iruñeaz harago”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 4a, 13:47

Nafarroako EH BIlduren koordinatzaile Miren Zabaletak "aurrerapauso historikotzat" jo du PSNren eta indar subiranistaren artean Iruñean lorturiko akordioa, Metropoli Forala saioan gaur egindako elkarrizketan.

“Aurrerapauso historikoa”

Eskuin mediatiko eta politikoaren presioaren pean alderdi sozialista sendo ikusi du Zabaletak, eta aurrerapauso historiko baten aitzinean garela uste du: “Akordioa Iruñerako da, baina badauka balio politiko bat Iruñea gainditzen duena, islatzen duena posible dela instituzio guztietan gehiengo aurrerakoi horiek artikulatzea, eta hori ona dela Iruñean bizi garenontzat, Nafarroan bizi garenontzat. Etorkizunerako bide bat erakusten du”.

“Egindako bidearen ondorio logikoa”

EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile nagusiaren arabera, Pedro Sanchezen gobernuaren eraketak prozesua azkartu bazuen ere, PSNren eta EH Bilduren arteko “akordioa bi indarrok elkarrekin egiten ari ziren bidearen ondorio logikoa da”. Akordio hori oso positibotzat jo du EH Bilduren Nafarroako koordinatzaileak, atzo, Euskalerria Irratian bertan, Koldo Martinezek esan bazuen ere Geroa Baik halako akordio posibilista lotuz gero sekulako egurra jasoko zukeela. “Pentsatzekoa da bakoitzak balioan jarri behar duela bakoitzak egiten duena, eta Koldok horri egiten ziola erreferentziak. Gure ustez, lotu dugun akordioak balio politiko handia du, orain arte ezinezkoak ziren elkar ulertze mailak ahalbideratzen dituelako”.

“Euskarari bide berriak ireki zaizkio”

Hizkuntza politikari dagokionez, PSNrekin adosturikoak bide berriak zabaltzen dituela gaineratu du Zabaletak: “Onartzen da euskara dela, gaztelaniarekin batera, Iruñeko hizkuntza bat, eskatzen duena aurreraurratsak, sustapena eta garapena. Zentzu horretan aukera handiak ematen ditu, eta ongi etorria izan dadila Iruñearen errealitate soziolinguistikoa onartuko duen akordio bat, orain arte ezinezkoa izan dena”.

“Krispazioaren argazkirik ez dute lortu”

Halaber, pozik eta harro azaldu da, abenduaren 28an ez zelako ikusi batzuek bilatzen zuten argazkia. “Ez zuten lortu Joseba Asiron eta gainontzeko indar aurrerakoiak krispazio horretan sartzerik, eta plazan ere ez zuten lortu beraiek hainbeste bilatu zuten konforntazioaren argazki hori. Horren gainetik gailendu zena izan zen poza, Joseba Asiron berriro ere Iruñeko alkate delako, eta poza ere indar aurrerakoi guztien artean jendarteak eskatzen zuen akordioa lortu zelako”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!