Negoziazio gorabeheratsuak
Geroa Bairen zinegotzi Koldo Martinez pozik dago EH Bilduk, Zurekinek eta bere indar politikoak Iruñeko Udalean adosturiko gobernu akordioarekin, horretara iristeko negoziazioetan arazoak izan zituztela aitortu badu ere. Gogoetok Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketan egin ditu: “Gobernu osatzeko lehen bilera egin genuenean, udal aginte taldea antolatzeko lehen proposamena egin zuten eta onartezina iruditu zitzaigun. Hala esan genienean, Joxe Abaurreak esan zigun haiek 13 zinegotzi zituztela [EH Bilduren 8 eta PSNren 5] eta guk 2 besterik ez”.
Gauzak horrela, Geroa Bairen hautetsiak elkarlan giroa gailentzea espero du: “Azken sei hilabeteotan udalean oso giro on eta aproposean aritu gara elkarlanean lau talde aurrerakoiok. Bide horretatik segitzea espero dut, lan amankomun horren bitartez. Inork ez dezala pentsa besteak baino gehiago dela”.
“Hegemoniarako tentazioak”
Geroa Baiko zinegotziaren aburuz, “EH Bilduk izan dezake hegemonikoa izateko grina, baina politikan ez dago absoluturik”. Martinezek politika instituzionalaren egonkortasunik eza nabarmendu du: “Ni pozten naiz 28an egin eta lortu genuenaz, sei hilabete berandu heldu bazen ere. Baina kasu: politikan dena oso erlatiboa da, eta gaur gauza bat bozkatzen duenak bihar beste gauza bat bozka dezake”. Edonola ere, adosturiko gobernu akordioaren pozik azaldu da Martinez: “Oso programa pragmatikoa da, egingarria, guk guztiok gauzatu nahi duguna. Iruindar guztiengan pentsatuz atera nahi dugu aurrera”.
PSNren “apustu taktikoa”
PSNk Iruñeko Udalean zentsura mozioaren alde egitea apustu taktikotzat jo du Martinezek, eta aurrekari bat aipatu du iritzi horren oinarri moduan: “2021ean, Lan Erreforma onartu zenean, UPNk eta PSOEk akordio ikaragarri bat lotu zuten. UPNk erreforma onartzearen truke, PSNk Iruñeko alkatetza eta beste zenbait gauza emanen zizkion UPNri. Orain, berriz, inoiz baino etsaituago daude. Aldiz, EH Bildu eta PSN guztiz etsaiturik zeuden. EH Bilduko jarraitzaileek berriki ‘PSOE-PP, la misma mierda es’ [PSOE eta PP kaka zahar bera dira] oihukatzen zuten, eta orain oso ongi moldatzen dira. Bistan da taktizismoak eraman dituela sozialistak akordio hau egitera”.
EH Bilduren eta PSNren arteko “akordio posibilista”
Koldo Martinezi deigarriki posibilista egin zaio EH Bilduk eta PSNk loturiko akordio politikoa. “Besteok halako akordio bat lotu izan bagenu sekulakoak entzunen genituen, halakoak lotzeagatik sekulakoak entzun ditugu eta. Oso akordio posibilista da, eta Geroa Bai betidanik izan da halakoen alde”.
Akordioak hizkuntza politikari buruz dioena jarri du horren adibidetzat: “Jada ez da euskararen ofizialtasuna aipatzen baizik eta errealitate soziolinguistikoaren arabera jokatzea, ez Nafarroa osoan baizik eta Iruñean. Biziki pozten naiz, baina orain gutxira arte onartezina zena orain Jaungoikoaren hitza da”.
Rozalejoren zaharberritzea “zorionez” abian da
Koldo Martinezek Sustapen Ekonomiko, Berrikuntza, Europar Proiekzio, Garapenerako Lankidetza eta Gazteria alorrak zuzenduko ditu udal aginte talde berrian. 2015eko legealdian, Asiron alkate izan zelarik, hain zuzen ere Maravillas gaztetxearen aferak eragin zituen tira-birarik handienak orduko udal gobernuko kideen artean. Horretaz galdetuta, Martinez baikor azaldu da: “Maravillas gaztetxearen, edo Rozalejo jauregiaren zaharberritzea zorionez abian da. MemoriarenInstitutua hor egonen da. Espero dut halako arazorik ez sortzea, Maravillas gaztetxearena ezker abertzalearen eta Geroa Bairen arteko ika-mika garrantzitsu bat izan baitzen”.