"Aldaketa honekin Orkoiengo euskararen ordenantza ezerezean gelditzen da"

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 3a, 07:35

Orkoiengo Udalak Euskararen Ordenantza aldatzeko proposamena egin du. Arautegia aldaketa hori EH Bilduko Cristina Indabereak uste du euskaldunak eskubide gabe uzteko baliatu nahi duela. Herritarrak euskaraz "ahal den heinean" artatuko dituztela jasotzen du arautegi berriak eta horren aurka azaldu da oposizioan dagoen alderdi abertzalea. Orkoienen Alex Lopez sozialista da alkatea UPNren eta Juntos por Orcoyen taldearen babesarekin. 

"Gehingo handi baten eskubideen eta iritzien aurka hartuko du erabakia alkateak", esan du Cristina Indaberea EH Bilduko Orkoiengo zinegotziak. Euskararen Ordenantza aldatzeko proposamena egin du Udal horretako alkate Alex Lopez sozialistak. "Ordenantza berriarekin euskara zokoratu nahi du eta edukiz hustu", azaldu du Indabereak. Aldaketa horretan herritarrak euskaraz artatuko dituztela diote "ahal den heinean": "Horrek hizkuntza beraren gutxiespena dakar eta bizilagunei eskubide urraketa ezartzea", adierazi du EH Bilduko zinegotziak. 

Ordenantza berrian osoko bilkuran onartu aurretik Euskararen Batzordea deituko du Udalak datozen egunetarako. Batzorde horretan aukera izanen da bestelako planteamenduak aztertzeko eta erdiesteko Indaberearen ustez. "Alkatearen jarrerarekin herritar asko eskubiderik gabe uztea ekarriko du", dio. EH Bilduk aukera guztiak aztertuko ditu ordenantza berria aurrera atera ez dadin. 

Orkoiengo Udalean Lopez solialista da alkate UPNren eta Juntos por Orcoyen taldeen babesarekin. EH Bildu oposizioan da nahiz eta zerrendarik bozkatuena izan zen maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Alderdi abertzaleak 4 zinegotzi ditu, beste 4 ditu PSNk, 2 UPNk eta bakarra du Juntos por Orcoyen taldeak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!