Iruñeko zentsura mozioak militante gehiago ekarri dizkio PSNri

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 3a, 07:11

PSNk abuztuan militanteen artean galdeketa egin zuen, Nafarroako Gobernu aurrerakoia errepikatzeko aukeraren inguruan.

Hainbat hedabideren arabera, Asiron alkate bihurtzeak barne tirabirak eragin dizkio Nafarroako alderdi sozialistari. Haatik, Sarasateko pasealekuko egoitzatik diote abenduaren 28tik alta gehiago jaso dituztela, bajak baino.

Iruñeko zentsura mozioak PSNren etorkizun elektoralean eduki dezakeen eraginari buruz asko idatzi eta esan da azken egunotan. Bertako zein Espainia aldeko hainbat hedabideren arabera, Asiron alkate bihurtzeak barne tira-bira handiak eragin ditu alderdi sozialistaren baitan.

Konparaziora, gaur Diario de Navarak lau zutabera zabaltzeko dio “PSNk Iruñean EH Bildurekin hitzarmena lotuz gauzaturiko norabide aldaketaren aurka daudela alderdiko historikoak”. Azpititularrean irakur daiteke Nafarroa Garaiko UGTko idazkari nagusi ohi Miguel Angel Anzizarrek alderdia utzi duela.

Haatik, PSNk berak dio abenduaren 28tik altak gehiago izan direla bajak baino, Ibai Ferndandezek Diario de Noticiasen jaso duenez. Zehazki, bi pertsonak utzi diote alderdiko militante izateari. Baina, halaber, zazpi lagunek egin dute karnet sozialista lehendabizikoz.

Bestalde, Sarasate pasealekuko egoitzan diote prentsari alderdia utziko duela esan badio ere, Anzizarrek oraindik ez diela baja eskatu. Anzizarrek, bere garaian, UPNren eta PSNren arteko akordioen alde egin zuen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!