Osasunak indarge segitzen du. Mallorcak atzo ederki merezita patrikaratu zituen hiru puntuak, gorritxoek deus gutxi egin zuten eta.
Hasierako hamaikakoko aldaketak kontrako eztarritik joan zitzaizkion taldeari. Jokalari asko lekuz kanpo ibili ziren, zentzu literal zein figuratuan: Juan Cruz defentsaren erdian, Moncayola hegalean, Arnaiz hegala aldatuta…
Seigarren minutuan norgehiagoka maldan behera jarri zitzaion Osasunari, Arnaizen falta jaurtiketa batek eragindako errebotea sareetara bidali baitzuen Pablo Ibañezek, zero eta batekoa egiteko.
Alta, Javier Agirreren taldea hobeki ari zen, eta berehala erdietsi zuen berdinketa, Nastasicen burukadarekin. Beste behin ere gola korner batean eta area txikiaren inguruan egindako erremate baten bidez iritsi zen.
Sergio Herreraen bi geldiketa ikusgarriri esker lehen zatia berdinketarekin amaitu zen. Baina atsedenaldiko aldaketek apenas hobetu zuten gorritxoen jokoa, eta Mallorcak bigarren zatia hasi eta berehala beste bi gol egin zituen.
Luzapenean Raul Garcia de Haroren gola iritsi zen. Alferrik. Lehen Mailan garaipena ameskeria hutsa baita halako joko kaxkarra eginda, geldikako jokaldietan horren ahul arituz.
Eguberrietako etena ederki etorriko zaio taldeari, dinamikak aldatzen ahalegintzeko. Hurrengo norgehiagoka urtarrilaren lauan jokatuko dute, Sadarren, Almeria azken sailkatuaren aurka.