Alokairurako babes ofizialeko 430 etxebizitza eraikiko dituzte Nafarroan

Euskalerria Irratia 2023ko abe. 20a, 14:16

Etxebizitzak Iruñean, Tuteran, Barañainen, Uharten eta Mutiloan eraikiko dituzte. 15 milioi baino gehiagoko dirulaguntzak emango ditu Foru Exekutiboak eraikuntzarako.

Nafarroako Gobernuak 15 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu alokairurako babes ofizialeko 430 etxebizitza eraikitzeko, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken Departamentuaren bitartez. Etxebizitza horiek Iruñean (253), Tuteran (27), Barañainen (58), Uharten (53) eta Mutiloan (39) kokatuko dira.

Foru Gobernuak lan egin nahi du “herritar guztiei etxebizitza eskuragarria lortzen laguntzeko, politika publikoak indartuz”. Politika publiko horiei esker, "prezioen igoerari aurre egin ahal izango zaio, batez ere alokairuaren merkatuan, azken hamarkadan bizi izan duguna eta etxebizitza eskuratzea gizartearen gehiengoarentzat eskuraezina bihurtzen duena", azaldu du Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok.

"Gure betebeharra da, erakunde publikoa garen aldetik, jabego-kultura hain errotuta dagoen egungo etxebizitza eredua aldatzea, alternatiba ausart, zorrotz eta iraunkorren bidez”, gaineratu du Alfarok. Bozeramailearen hitzetzan Nafarroan etxebizitza-eskubidea guztiontzako errealitatea izatea bermatzeko “etxebizitza-politika adostu, iraunkor eta konprometitu” bat ezinbestekoa da.

Nasuvinsa, Adania Residencial eta Grupo Palo Alto Empresarial SL enpresak izango dira proiektua aurrera eramateko dirulaguntzak jasoko dituztenak. Nasuvinsari hurrengo proiektuak dagozkio: Iruñean (78), Tuteran (27), Barañainen (58) eta Mutiloan (39). Guztira, 202 etxebizitza eraikiko dituzte, 7.969.474,08 euroko aurrekontuarekin. Adania Residencialek berriz, 1.687.717,04 euroko dirulaguntza jasoko du eta Uharten babes ofizialeko 53 etxebizitza sortuko ditu. Azkenik, Grupo Palo Alto Empresarial SLk 7.851.512,01 euroko finantzaketa eskuratu du Iruñean dauden etxebizitza-blokeak eraikitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!