Emaitza bikaina, joko kaskarra. Hala laburbil daiteke ostiraleko partida, gorritxoei dagokienez. Jagoba Arrasatek aldaketa ugari egin zituen bai hamaikakoan, baita eskeman ere. Nabarmenena, Moi Gomez eta Iker Muñoz aritu zirela euskarri bikoitzean.
Jokoa, ordea, ez zen proportzionalki aldatu, eta partida trabatu batean, vallecarrak gehiago izan ziren gorritxoak baino neurketaren hainbat pasartetan.
Beste behin ere, Sergio Herrera atezaina erabakigarria izan zen, meritu handiko geldiketekin. Txalotzekoa izan zen, halaber, taldearen azken minutura arteko kemena. Eta, hain justu, azken minutuan, 95.ean, iritsi zen garaipenaren gola, Raul Garcia de Haroren denboraldiko lehena, buruz lortua, Osasunari garaipen eta hiru puntu garrantzitsuak emateko.
Jaitsiera sei puntura du Osasunak, Europa 11ra. Gaur jokalariek jai dute. Bihar itzuliko dira entrenamenduetara. Ostegunean, gaueko bederatzi eta erdietan, Mallorcaren aurka jokatuko dute, Xon Moixen.