"PSN zaborra da eta ez dut ulertzen nola gauetan lo egiten duzuen hartu dituzuen erabakiekin" bota dio Javier Esparzak Maria Txibite lehendakariari. Erregionalistak haserre daude, zentsura moziorik ez zutelako espero eta sozialistekin zituzten lotura guztiak apurtu dituzte. "Ez dugu haiengandik ezer nahi, ez gaitzatela deitu" esan du UPNko presidenteak gaineratuta, iragarri zutenaren kontra, Txibiteren erreforma fiskalaren kontra bozkatuko dutela eta Erribera Altuko mankomunitatean zentsura mozioa aurkeztuko dutela PSNko presidentearen kontra. Parlamentuko presidente Unai Uhaldek atentzioa deitu dio irainengatik eta UPNko parlamentariek ganbera eta bilkura utzi dute.
Iruñea ez dago salgai
Zentsuta mozioaren kontra UPNk elkarretaratzeak antolatu ditu igande honetan eta Iruñeko osoko bilkura izanen den egunerako. "Iruñea ez dago salgai" leloa izanen dute protestek eta UPNko kideez gain, PPko kideak ere aterako ditu kalera. Alderdi Popularrak atxikimendua iragarri du eta beren estatu mailako presidente Alberto Nuñez Feijoo igandean Iruñean izanen dela iragarri dute. Eskuin muturrak ere, zentsura mozioaren aurrean, "kalean erantzutera" egin du deia.