Harro herri izenburupean iritsi da Korrikaren kanta. Maite Arroitajauregi, 'Mursego', musikariaren gidaritzapean sorturiko kanta da eta dagoeneko badu bideoklipa. Amaia Badiola Elgezabal arduratu da ikus-entzunekoaz, eta, batez ere, aurreko edizioetako artxiboko irudiz osatuta dago: “23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak". Badiolak aitortu duenez, "denboraren aurrera-egite horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen du". Estetikoki, “bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita, eta punkia ere izan daiteke”.
Mursegok nabarmendu du bere lanen artean hau ezberdina izan dela, "horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera: Korrika egiteko ez dagoela modu bakar bat". Pertsona askok osatutako lantalde batek sortu du kanta eta sei edo zazpi ataletan bereizten da. "Kantuaren barruan hiru kanta daude", azaldu du musikariak. “Atea zabaldu diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari”, gehitu du Arroitajauregik. “Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten", dio abeslariak.