Behartutako ezkontzak ekidin nahian eta hala gertatu badira zer nolako erantzuna emateko protokoloa ezarri du Nafarroak. Lau arlo hartuko dituzte kontuan: prebentzioa, ezkontza behartu horiek izan badira detektatzea, emakumeei arreta eta babesa eskaintzea eta azkenik, justiziaren bideko arreta. Horretarako baliabideak izanen dira eskura: 30 baliabide eta profesional jarriko dira lan hori egiten.
Nafarroan ere errealitate hori badela ezagutarazteko gaur arratsaldeko zazpi terdietan Ez, ez dut nahi izeneko pelikula emanen dute Golem Baiona aretoan. Ezkontzera behartutako lau emakumeren testigantzak jasotzen dituzte dokumentalean. Belen Santos zuzendaria ere izanen da bertan eta baita dokumentalean agertzen den biktimetako bat ere.